Hasiera » Euskara batzordeko berriak
 
OLABERRIA BIZIRIK, EUSKARA BIZIRIK PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Olaberriko Euskara Batzordeak adierazten duen bezala Euskara herriko ekintzetan dagoen heinean biziko da Olaberrian eta Kuttun-Zeba Guraso Elkarteak euskarari eta Olaberriko Euskara planarekiko atxikipena adierazten du eta bultzada emateko prest dago.

Kuttun, hainbat elkarte eta herritar bezala, planaren diseinuan parte hartu du. Planaren oinarrian hau dago: Olaberritar guztion esku dago Euskara erabili eta sustatzea, beraz, Euskara herriko ekintza eta zoko guztietan txertatzea gure eginkizuna da!

 
Parkean euskaraz PDF fitxategia Inprimatu E-posta

parkean euskarazSeme-alaben ardura gurasoona da, maila guztietan gure seme-alaben ahalik eta bertsiorik onena lortzen saiatu behar dugu. Umeentzat gu gara erreferentea, guk egiten duguna egiten dute, kopiatu egiten dute.

Hizkuntzari dagokionez berdin gertatzen da, horregatik hitz egiten ikasteko umeari asko hitz egin behar zaio eta asko entzun behar du, hizkuntzarekin jolastu behar du, gozatu.

Gure inguruan bi hizkuntza daude, euskara eta gaztelania. Gaztelania leku gehienetan aurkitzen dugu, komunikabideetan, kalean … eta munduan zehar hiztun asko dago. Euskara aldiz, gutxiago hitz egiten da, euskarazko telebistak, egunkariak eta aldizkariak  gutxi dira gaztelaniazkoen aldean eta askoz ere hiztun gutxiago gara.

Umeek eskolan euskaraz ikasten dute guraso gehienok horrela nahi dugulako. Hori nahi dugu gure seme-alabek euskaraz hitz egiten jakitea nahi dugulako. Eskolaz gain, guk ere zerbait egin dezakegu hori lortzeko eta merezi du saiatzea.

Eskolan umeek euskaraz ikasten dute eta eskola ordu gehienak euskaraz ematen dute, baina zein hizkuntza entzuten dute hortik kanpo? Umeekin euskaraz egitea normala da, baina gure arteko harremanetan, gurasoen artean, askotan gaztelaniara jotzen dugu. Batzuetan ohitura kontua da, beste batzuetan euskaraz hitz egiteko erraztasunik ez izatea , bestetan ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak izatea edo euskara ez jakitea.

Nahiz eta arrazoia bata edo bestea izan, denok egin dezakegu zerbait euskara gehiago erabiltzeko:

  • Ohiturak aldatu
  • Erraza ez izan arren, ahalegina, esfortzua egin eta euskaraz hitz egin
  • Ulertzen duenari euskaraz egin nahiz eta gaztelaniaz erantzun
  • Euskara ikasi
  •  ...

Hau gauzatzeko Kuttun Guraso Elkarte eta Udaleko Euskara Zerbitzuaren artean 2010-2011 ikasturteari begira ekimen bat proposatu nahi dizuegu: Parkean Euskaraz

Adibide bat jarriko dugu: 

korrika egitera bakarrik joateko borondate handia behar da, beste lagun batekin geratuz gero gutxiagotan egiten dugu kale.

Gauza bera proposatu nahi dugu: parkean gaudenean, guraso guztiok euskaraz hitz egiteko esfortzua egitea, bakoitzaren posibilitate eta borondatearen arabera. Hau, nola ez, boluntarioa izango da, nahi duenak hartuko du parte.

Planteamendua hau da:

  • Bakoitzak tratu bat egingo du, hau da, hemendik aurrera hau egiten saiatuko naiz
  • Parkean egoten garen guraso guztiok egingo ditugu tratuak, denok
  • Noizean behin aztertuko dugu tratuen martxa. Begiratuko dugu tratuak errespetatzen ari garen ala ez.
  • Hau guztia gurasoek egingo duzue, Euskara Zerbitzuak laguntza emango dizue.
  • Parkean Euskaraz ekimenean parte hartzeko izena eman beharko da, esan bezala boluntarioa izango da eta baldintza bakarra tratu bat hartzea izango da.

Zenbait tratu:

  1. Euskara ikasten dabiltzanei edo gutxiago dakitenei euskaraz egingo diet nahiz eta beraiek gaztelaniaz erantzun
  2. Euskaraz ikasten dabiltzanei edo gutxiago dakitenei nirekin euskaraz egiteko esango diet
  3. Harreman gehien dudanarekin euskaraz egingo dut
  4. Euskaraz hitz egiteko eskatuko diet euskal hiztunei
  5. Seme-alabekin euskaraz egingo dut
  6. Seme-alaben lagunekin euskaraz egingo dut
  7. Euskaraz agurtuko dut jendea
  8. Ohikoak diren zenbait espresio euskaraz egingo ditut: zer moduz zaude?...
  9. Galdera, esaldi eta agindu txikiak euskaraz egingo ditut: zatoz hona! Norena da baloia? Noren txanda da?...
  10. Euskaraz egingo dut jende guztiarekin. Polikiago errepikatu edo beste modu batean esango dut ulertzen ez didatenean.

Norberak fitxa bat beteko du bere izenarekin eta hartu dituen tratuak bertan jarriko ditu. Fitxan jarritakoa balorazioak egiteko erabiliko dugu, alegia, egindako tratuak noraino bete ditugun jakiteko.